1 · Hasi saioa kokatzen
Ubideko saio honetan arrazoibide logiko-matematikoaren garapena landu dugu, hiru proposamen didaktikoren bidez: hasierakoa, erdi mailakoa eta aurreratua. Proposamenak ez doaz adin eta ikasmaila jakin bati lotuta. Jardueren hautaketa haurren garapen- eta ikaskuntza-momentuaren arabera egingo da.
Ez da beharrezkoa curriculum- edo didaktika-oinarri osoa aurkeztea. Kontsultatu nahi duenarentzat eskuragarri egongo da.
2 · Partekatu ideia nagusia
Matematika ez da jarduera formaletan bakarrik lantzen. Haurrak eguneroko egoeretan ere pentsamendu matematikoa garatzen du: objektuak behatuz, konparatuz, erlazionatuz, multzokatuz, sailkatuz eta bere erabakiak azalduz.
3 · Erakutsi proposamenen progresioa
Proposamenak ez dira jarduera solteak. Pentsamendu matematikoaren progresioa osatzen dute:
Esploratu → behatu → konparatu → erlazionatu → multzokatu → sailkatu → arrazoitu → komunikatu → transferitu.
Maila bakoitzean, haurraren aurreko ezagutzetatik abiatuta, pixkanaka zailtasuna eta abstrakzio-maila handitzen dira.
4 · Aukeratu jarduera batzuk eta egin
Ez da beharrezkoa proposamen guztiak egitea. Jarduera bat edo bi aukeratu, eta irakasleekin esperimentatu.
Jarduera aurkeztu ondoren, azpimarratu:
Zer egiten du haurrak?
Zer pentsamendu matematiko ari da garatzen?
Zer begiratu behar du irakasleak?
Zein galderak lagunduko dio pentsatzen eta azaltzen?
Helburua ez da haurrak aurrez pentsatutako erantzuna ematea, baizik eta bere estrategia eraiki eta azaltzea.
5 · Azpimarratu irakaslearen begirada
Ez begiratu soilik emaitzari. Begiratu prozesuari.
Adibidez:
Zer ezaugarritan jartzen du arreta?
Nola konparatzen du?
Zein irizpide erabiltzen du?
Nola justifikatzen du?
Bere estrategia aldatzeko gai al da?
6 · Ebidentziak jaso
Prozesuan zehar argazkiak, ahozko azalpenak eta haurren ekoizpen grafikoak jaso.
Ez dira soilik jardueraren erregistroa: haurrak nola pentsatzen duen ikusteko ebidentziak dira. Bereziki interesgarria da ikustea nola transferitzen duen egindakoa paperera.
7 · Amaitzeko
Ikastetxeari ez zaio proposamena hitzez hitz errepikatzea eskatzen.
Amaitzeko, galdera hau egin:
«Zer aldatuko dugu gure geletan haurren pentsamendu matematikoa gehiago ikusteko eta sustatzeko?»
Helburua: jarduerak egiteaz aparte, matematika ikusteko eta irakaslearen esku-hartzea pentsatzeko begirada partekatzea.
Proposamen didaktikoak:
Hasierako maila · Txikitatik ikertzaile
Proposamenak inguruko objektuak eta materialak esploratzetik abiatzen du arrazoibide logiko-matematikoaren garapena: haien ezaugarriak identifikatu, erlazioak ezarri, antolatu eta sailkatu, eta egindako hautuak arrazoitu eta komunikatu.
Taldeari zati bat biziarazi nahi badiozu
Erabili zuzenean multzokatze librearen dinamika: eskaini material desberdinak nahastuta eta planteatu «Nola antolatuko ditugu?» erronka. Utzi parte-hartzaileei beren irizpidea erabiltzen, eta ondoren galdetu «Zergatik jarri dituzue elkarrekin?» edo «Beste modu batean antola daitezke?». Horrela, jardueraren fokua ez da sailkapena egitea bakarrik, erabakia arrazoitzea baizik.
Erdiko maila · Ingurunea esploratzen: zentzumenetatik logikara
Proposamenak inguruko objektuak eta materialak sakonago esploratu eta antolatzetik abiatzen du arrazoibide logiko-matematikoaren garapena: objektuak konparatu, erlazioak ezarri, irizpideak erabili, sailkapenak egin eta egindako erabakiak arrazoitu.
Taldeari zati bat biziarazi nahi badiozu
Erabili zuzenean bi aldagairen arteko konparaketaren dinamika: eskaini material naturalak eta planteatu «Zer berdintasunak aurkitzen ditugu?» bezalako erronkak, kolorea eta tamaina aldi berean kontuan hartuz. Ondoren, eskatu «Zergatik dira berdinak?», «Zein da handiagoa?» edo «Nola dakizu?» bezalako galderekin haien konparaketak azaltzeko. Helburua ez da erantzun zuzena lortzea bakarrik, haurraren arrazoibidea agerian jartzea eta justifikatzea baizik.
Maila aurreratua · Ingurune berriak esploratzen: ikasitakoa erabiltzen
Proposamenak aurretik garatutako arrazoibide logiko-matematikoko estrategiak ingurune eta egoera berrietara eramatea proposatzen du: objektuen ezaugarriak identifikatu, erlazioak ezarri, sailkatu eta antolatu, eta ikasitakoa modu autonomoan erabiltzea.
Taldeari zati bat biziarazi nahi badiozu
Egin zuzenean eskolatik herrira edo parkera zabaltzeko dinamika: irten aurretik, galdetu «Zer uste duzue aurkituko dugula?», «Zein ezaugarri bilatuko ditugu?» edo «Nola antola ditzakegu aurkitzen ditugun elementuak?». Ondoren, utzi haurrei ingurune berrian aurretik ikasitako estrategiak erabiltzen, elementuak behatu, identifikatu eta sailkatzeko. Azkenik, alderatu ikasgelan eta ingurune berrian erabilitako moduak.